| Ramiro Téllez |
| Wednesday, 21 October 2009 16:22 | |||
|
There are no translations available. Erdialdeko Amerika
Ramiro Téllez
Ramiro Téllez naiz. Nikaraguakoa naiz, eta Nekazarien Bideak mundu zabalean nekazaritzaren eraldaketaren alde bultzatutako kanpaina dualean lan egiten dut. Nikaraguaz ez ezik, Erdialdeko Amerikaz ere hitz egingo dizuet. Erdialdeko Amerikan, zazpi herrialde txiki daude, euren oinarrizko bizibidea nekazaritza da eta biztanle gehienak landa-ingurunean bizi dira oraindik. Herrialdeek euren ezaugarri bereizgarriak dituzte. Esate baterako, Salvador herrialde txikia den arren, Nikaraguak baino askoz biztanle gehiago ditu. Hain zuzen ere, Nikaragua Erdialdeko Amerikako herrialde handiena da, baina biztanle gutxi ditu, bere tamaina handia bada ere. 7 edo 14 hektarea duten salvadortarrak ekoizle ertainak dira, eta, Nikaraguako erdialdean, ordea, 35 hektarea dituenak ez dauka ezer. Nekazarien eskubideen urraketa oso-oso agerikoa da Hondurasen eta Guatemalan. Agerikoa dela diot, etengabe ikusten dugulako jendea indarkeriaz aterarazten dutela, etxeak erretzen dituztela, laborantzak suntsitzen dituztela, nekazariak jipoitzen dituztela eta gizon, emakume, ume eta adinekoak espetxeratu eta hil egiten dituztela. Horrek ez du esan nahi beste herrialdeetan nekazarien eskubideak urratzen ez direnik, baina Nikaraguan badago lurra eta beste eskubide natural batzuk eskuratzerik ez duenik. Jendeak lanik ez duenez, landa-ingurunetik hirira eta mugetatik kanpo alde egiten du, eta horrelaxe ere urratzen dira eskubideak. Gazteek ez dute hezkuntza eskuratzeko aukerarik, baina nekazarien ikuspegitik, Guatemala eta Honduraskoa da egoera nabariena. Hondurasen badago kasu berezirik. Berezia dela diot, egiaztatu egin dezakeelako gobernuek beste era batera jokatzen dutela euren herrialdeetara iristean, nahiz eta nazioarteko foroetan eta nazioarteko nekazarien deialdietan nekazarien ekoizpena babesten dutela eta ados daudela adierazi. Hondurasko gobernuak Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna sinatu zuen, Brasilen nekazaritzaren eraldaketari buruz egindako nazioarteko azken hitzaldian parte hartu zuen, adierazpena sinatu zuen eta, ondoren, foroa antolatu zuen. Jendaurrean, presidenteak argi eta garbi esan zuen legeak aldatzeko prest zegoela, nekazaritzako arazoa oso-osorik konpontzerik ez zegoela baina gutxienez 800etik gora nekazariren egoera konpondu nahi zuela, 30 edo 40 urte zeramatzatelako lurrean eta, orain, nekazaritza-arloko gatazkak zituztelako. Argi eta garbi esan dezakegu jende hori buru-belarri lan egiten ari dela, abokatuak ordaintzeko, hiriburura joateko eta ez bizibidea edukitzeko. Nekazariek euren lurrak landu arren, ustezko jabeak agertzen dira bat-batean. Batzuek gezurrezko agiriak dakartzate; eta beste batzuek, asmatutakoak. Askotan, gainera, agintarien babesa dutenez, ez dago gatazka inolaz ere konpontzerik. Gertaera horiek guztiak direla-eta, nekazarien mugimenduak nahitaezko desjabetzarako dekretu-proposamena aurkeztu zuen, nekazari-talde horien guztien arazoa konpontzeko. Era berean, hauteskundeen aurreko dekretu-kanpaina ere badago, eta Kongresu Nazionaleko 5 bankadek aho batez onartu zuten. Nekazarien garaipena izan zen eta ez batzarraren eta botere betearazlearen oparia, borrokaren emaitza baizik. Bizpahiru hilabeteren ondoren, botere legegileak ofizial egin zuen, aldizkari ofizialean lege moduan argitaratu zuenean. Antzinako jabeek, ordea, nahiz eta ados egon eta jendaurrean nekazaritzako gatazka konpondu egin behar zela adierazi, konstituzioaren aurkakoa dela diote orain, jabetza pribatuan duela eragina, lurrak hartuko direla… Aitzakia ugari jartzen dituzte, baina ez dute inolako zentzurik, lurrean bertan egonda gatazka konpondu gabe dutenentzat baino ez delako. Ez dira kasu berriak. Euren ikarak ez du inolako zentzurik, egon ez dagoelako. Nolanahi ere, orain babes-helegitea aurkeztu nahi dute justizian, eta, halaxe eginez gero, Hondurasko gobernua kili-kolo geratuko da. Legea onartu ostean, ezin izan du estatuko beste botereekin negoziatu, legea itzulgarria izan ez dadin. Lurjabeak, gainera, ez dira Gorte Gorenera joateko eta dekretuaren aurkako babesa eskatzeko mehatxuan geratu, praktikara joan direlako eta jende armatu paramilitarra kontratatu dutelako, dekretuaren alde dauden buruzagi nekazariak beldurtzeko, mehatxatzeko eta, azkenean, hiltzeko. Maiatzaren 21etik ekainaren 13ra, Hondurasko nekazarien erakundeko 3 buruzagi nekazari hil zituzten. Batzuk jende armatu pribatuak hil zituen; eta beste batzuk, poliziak. Dena dela, Molina abizeneko kidea gogoratu nahi nuke, 24 zeramatzalako lurrean eta hil egin zutelako. Kafea eta antzeko laborantza iraunkorrak zituen taldekoa zen. Jende horrek euren etxeak eta laborantzak dituzte bertan, baina orain dela 6 urte gutxi gorabehera ustezko jabea agertu zen. Ia-ia 20 urtez, taldea bakean lan egiten egon zen, nekazaritza-institutuak lurra lantzeko eman zien agiriari esker. Halako batean, ordea, ustezko jabea agertu zen, eta eurenaren ostekoa zen agiria aurkeztu zuen. Hori dela-eta, mehatxupeko prozesu judiziala hasi zen, eta emakume horrek agintarien babesa jasotzen du, hau da, polizia eta fiskaltzarena. Kide askok prozesu judizialei aurre egin behar diete, lurrak arpilatu dituztela, basoak espoliatu dituztela leporatzen dietelako, eta jendea ez dago lasai. Maiatzaren 29an, goizeko 9etan, ibilgailu partikularra iritsi zen nekazarien taldearen jabetzara. Ibilgailua ez ezagutzean, nor zen galdetu zuen. Jabea zen. 4 poliziarekin zetorren, eta beste taldekide batzuekin hasi ziren eztabaidan, sartzen uzten ez zietelako. Azkenean, Molina kidea hil zuten. Gainera, Molina kidearen anaia eta beste taldekide batzuk atxilotu eta poliziari eraso egin ziotela leporatu zieten. Orduan, gainerako taldekideak poliziarengana joan ziren, eta bertako komisarioak aterarazteko inolako agindurik eman ez zuela esan zien. Beraz, egiaztatu egiten da agintari polizialak eta judizialak lurjabeen alde daudela eta ez nekazarien alde. Nahiz eta dekretua argitaratuta egon, horrelako hilketak gertatzen dira oraindik. Oso kezkatuta gaudenez, salatu egiten dugu, gure ustez hilabetetik beherako epean hil dituzten 3 kideak ez direlako bakarrak izango. Gure iritziz, poliziaren edo jende armatu partikularraren errepresioa hasiko da, jendea beldurtzeko eta dekretuaren alde borrokatzen ez jarraitzeko.
Nork kontratatzen ditu talde armatu partikular horiek?
Lurjabeek. Ez da armada pribatua. Langabeziaren edo beste arazo batzuen ondorioz, nekazariek eurek lankideak kikildu eta hil ere egiten dituzte diru apur baten truke.
Horrez gain, zure ustez, zeintzuk dira Erdialdeko Amerikako beste herrialde batzuetan giza eskubideen arloan gertatzen diren urraketa larrienak?
Guatemalako biztanle gehienak indigenak dira. Erkidego indigena horiek urteak eta urteak daramatzate euren lurraldea zaintzen, ustiatzen eta babesten. Bi eratako urraketak daude: batetik, euren erkidegoetatik lekualdatzen dituzte, gobernuak meategiak edo basoak ustiatzeko emakidak baimentzen dituenean. Orduan, lekualdaketa hasten da. Indigenek ekoizteko erabiltzen dute lurra, euren bizimodua, kultura da, baliabideen erabilera. Poliziaren onespenaz, lurjabe askok jendea lekualdatzen dute, erkidego zehatz bateko basoaren edo uraren inguruko interesa dutenean. Oso kasu berezia dago. Martxoan, San Juan Siguatepekezen, kide bat hil zuten meatzaritzako ustiapenaren aurkako manifestaldian. Agintariek ez dute inoiz kasua ebatzi, eta jendeak presioa egiten jarraitzen du, kasua argitu dadin. Erkidegoak presioa egiten duenez, milaka militar armatuk etengabe setiatzen dute. Helikopteroek erkidegoaren gainean egiten dute hegan, jendea beldurtzeko eta kasua argitzeko eskatzen ez jarraitzeko. Guatemalako zenbait kide atxilotu dituzte, honako honexen kontra egoteagatik: uraren pribatizazioa, meatzaritzako ustiapena eta basoko baliabideen arpilaketa. Arazoak emakumeen artean ere badu eraginik, eta kaltetuenak direla esan genezake. Hondurasen, dokumentatuta dago seme-alabei bularra ematen dieten emakumeak daudela espetxean lurrak usurpatu dituztela leporatu dietelako. Arazoa oso urrun joan da, gizon eta emakumeei ez ezik, ume eta adinekoei ere eraso egiten dietelako.
Nola babesten ditu justiziak?
Nekazariei lege-laguntza ematen zaie, baina ez da nahikoa, kasu asko eta asko gertatzen direlako. Bi arazo-mota daude: ekonomikoak, ez dutelako behar beste diru abokatuak ordaintzeko eta epaiketa guztiak jarraitzeko. Gainera, lege-laguntza eman ahal dien oso jende gutxi dago. Erakundeak egindako presioagatik, jendea espetxean ez egotea lortu dugu. Presio sozialari esker baino ez dugu lortzen jendea espetxetik irtetea.
Nolabait esateko, biztanleak kezkatuago daude egin dituzuen mobilizazioen ondorioz?
Bi gauza garrantzitsu daude. Nazioartean nekazaritzaren eraldaketaren aldeko kanpaina global moduan, orain dela pare bat urte topaketa bat antolatu genuen Hondurasen epaile guztiekin eta Justiziako Gorte Gorenarekiko koordinaziopean justizia ematen duten pertsonekin. Nazioarteko eskubideen berri emateko mintegia zen. Denak abokatuak izan arren, ia-ia inork ez zekien zeintzuk ziren nazioarteko eskubideak. Izan ere, nekazaritzako kasu guztiak atal kriminalean ebazten dituzte, eta horixe bera da arazoa. Gatazkak ez dira nekazaritzako ikuspegi juridikotik ebazten, juridiko penaletik baizik. Kriminala zarela leporatzen dizute, besterik gabe. Nekazari-talde batek jabetza berreskuratzen duenean, jabetza pribatua inbaditu duela leporatzen diote, eta kode penalaren arabera ezartzen da zigorra. Duela pare bat urtetatik hona, Hondurasko nekazarien mugimendua, langileen mugimendua, GGKE eta beste mugimendu batzuk egituratzen hasi dira, kriminalizazioaren arazoa ez delako nekazariena bakarrik, ingurumenaren alde borrokatzen diren taldeetako buruzagiak eta gremioetako buruzagiak ere erail dituztelako. Orain dela gutxi, langileen sindikatu bateko emakume presidentea hil zuten. Errepidetik zihoan eta tiroz josi zuten. Inork ez daki nola gertatu zen. Bi buruzagi sindikal eta gidaria hil zituzten, eta agintariek ez dute ezer ikertu. Era berean, hiri-inguruneko buruzagiak ere espetxeratu dituzte, lur-zatien alde borrokatzeagatik. Zenbait irakasle ere jipoitu eta espetxeratu egin dituzte. Nekazariena ez ezik, gizarte osoaren arazoa da. Borroka horietan, nekazariak ez ezik, sektore guztietako jendea ere badago.
|
